Jaiak
Jaiak
Herriko jaiak abuztuaren 6tik 10era izaten dira, San Donatoren eta San Lorentzoren ohorez. Jaietan hainbat jarduera eta txapelketa egiten dira; bertakoentzat edo baserri girokoak, gehienbat. Jaien egitaraua ahalik eta zabalena egiten da, herriko jende guztiak parte har dezan. Nabarmentzekoak dira herri kirolak, folklore erakustaldiak, produktu gastronomikoen dastaketa (sagardoa, txakolina, sardinak, marmitakoa...).
Auzoetako jaiek ere badute garrantzia. Auzo bakoitzean, auzoa zaintzen duen santuaren ohorez egiten dira jaiak. Haurrentzako zein helduentzako ikuskizunak, musika erromeriak, herri kirol erakustaldiak... Jaiak auzokide batzordeak antolatzen dituzte. Izan ere, auzokideak herriko jendearentzat interesgarri izan daitezkeen jarduerak antolatzeko biltzen dira.
Urdaneta auzoan azaroan ospatzen dituzte jaiak, San Martinen ohorez. Andatza eta Elkano auzoetan ekainaren bukaeran ospatzen dituzte, San Pedroren ohorez. Errekan uztaila bukaeran ospatzen dituzte, Santiagoren ohorez. Laurgainen irailaren bukaeran, San Migelen ohorez. Altzolan azaroaren 18an, San Roman egunean. Iturriotzen ekainaren bukaeran, San Joanen ohorez.
Ganadu, nekazaritza eta artisau azoka izaten da. Bertan bildutakoek baserrietan egindako produktuak dasta ditzakete; esate baterako, gazta, sagardoa, txakolina, marmeladak... Azoka hau Igokunde egunaren ondorengo lehenbiziko igandean egiten da (maiatza edo ekaina partean).
Lekua: Pagoetako Parke Naturaleko Iturraran informazio zentroa.
Data: Apirilaren azkenengo asteburua.
Euskal kirola lana eta kirola da aldi berean, eguneroko zeregin batzuk iraunarazten eta goratzen dituen erronka edo lehia. Oso herri gutxik dute euskaldunek edozein norgehiagoka —trebeziakoa, inteligentziakoa zein indarrekoa— apustu bihurtzeko duten adinako joera. Izan ere, apustuaren bidez, jokoak edo kirolak parte hartzeko aukera eskaintzen du: guztiok, modu batean edo bestean, norgehiagoka geure egiten dugu.
Horrela sortu ziren euskal herri kirol gehienak: bi edo bizilagun gehiagok dirua jartzen zuten jokoan enbor gehiago nork moztu (aizkolariak), harri astunenak nork altxatu edo nork gehiagotan altxatu (harri jasotzaileak), idiez edo giza gorputzaren indarraz baliatuta harriak nork bizkorrago mugitu (Idi proba eta gizon proba) edo txingak alde batetik bestera nork eraman. Guztiak ere landa izaerakoak, bistako denez.
Ez dago Gipuzkoan azoka edo jairik horrelako erronkarik ez duenik, baina Aian are indartsuagoa da herri kirolen zaletasuna. Aia herri kirolen hiriburua izan da historikoki, eta hainbat herri kirolaren jaioterria da. Gaur egun, urtean zehar adostutako desafioez gain, sona handia du Idi Dema Txapelketak. Azaroaren erdialdean antolatzen da.