Auzoak

Auzoak

Alde zaharra udalaren erdian dago, Pagoeta mendiaren ekialdeko magalean. Bertan gurutzatzen dira Asteasurako, Oriorako eta Zarautzerako errepideak. San Esteban eliza da eraikin nabarmenena. Etxeak biltzen hastean, herria antolatzeko 4 ardatz hartu ziren oinarritzat: Iturri kalea, Sartalde kalea, Joan Etorle kalea eta Aitzpea kalea. Kale horiek elizaren ondoko plazan egiten dute bat. Elizaren nagusitasuna, bere altueragatik ez ezik, kokapenarengatik ere bada. Izan ere, kareharrizko muinoan —harri trinkozko harresi bat— dago, lekurik garaienean. Alde zaharra ere harresi horren gainean dago.

Alde zaharrak, oro har, batasuna dauka, tradizio historikoari jarraituta baitaude eginda eraikin gehienak. Ezaugarri modernoak dituzten eraikinak ere badaude; pilotalekua, esaterako. Herri pribilegiatu honetan denbora oso poliki igaro dela pentsa daiteke.

 

320x162

 

Alde zaharra Pagoetaren magalean badago ere, Aiak azalera handia du, eta bertan sakabanatuta daude hamaika auzoak.

 

 

 

 

 

 

 

 

Erdigunearen inguruan bi auzo daude: Arrutiegia eta Kurpidea. Arrutiegiako baserriak arkitektura tradizionaleko eredu onak dira (Gorostiola, Zulaika, Manterola-Erdi, Armendi). Kurpidean Ernio-txiki gailurra dago, Pagoetaren magaletik Aiako hegalak ikusteko talaia ezin hobea. Bertako baserrien artean, Jonsansoro, Azpitarte eta Zinkunegi-saletxe baserriak dira nabarmentzekoak.

320x162

Kurpidearekin Etxetaballa eta Iruretaegia auzoek egiten dute muga. Etxetaballa oso haran ederra da, eta Pagoetako eta Iturriotzeko magaletako hamar baserrik osatzen dute. Iruretaegia auzoa Oriorako bidean dago, Ernioren magalean, eta bertako etxeak elkarren ondoan daude. Baserri askotan herri arkitekturako eredu asko aurki ditzakegu. Horien artean, Iturriotzeko Benta da nabarmentzekoa, bai arkitekturagatik bai garrantzi historikoagatik.

Oriorantz jaistean, alde batean Olaskoegia daukagu. Bi errekastoren artean dago eta Orioraino iristen da. Inguru honetan dago Altxerriko Kobazuloa (Laurgain auzoa), bertan Paleolitoko grabatu eta pinturak daude oraindik. Bestalde, Oriotik hurbil, Ubegun Industriagunea, inguru honetako industrialde garrantzitsuena.

 

Beste aldean Andatza auzoa dago. San Pedro izenaz ere ezagutzen dute askok, izen bereko XVII. mendeko baselizagatik. Garai batean burdinolak zeuden bertan. Aristerrazu baserria da nabarmentzekoa. Azken urteotan asko aldatu da ingurune hau, bai hazkunde demografikoa izan duelako bai paisaia aldatu egin delako. Izan ere, etxebizitza berriak eta enpresa handiak eraiki dituzte bertan.

320x162

Oriorako bidean Santio Erreka auzoa dago, Andatzaren ondoan. Inguruko burdinoletarako mineralak zeramatzaten ontziek atrakatzeko portua eta manufakturatutako burdina kargatzeko lekua bertan zeuden. Santiago baseliza bertan dago oraindik, eta berak ematen dio izena auzoari. Arrazubi burdinolaren arrasto sakabanatuak ere badaude. Hori zen garai bateko garrantzitsuena, bere portua eta lonja baitzeuzkan. XVIII. mendean izan zuen goraldirik handiena, aingurak egiten hasi zirenean. Fermin de Gilisagastik patentearen jabe egitea lortu zuen, eta Arrazubiako lehenengo burdinola jarri zuen. Azken urteotan, Andatzan bezala, biztanle kopurua asko handitu da bai industria garapenagatik bai Oriotik hurbil egoteagatik.

 

Zarautzerako bidea hartuta, Laurgain daukagu. Aiako auzorik handiena da, azalerari dagokionez. Pagoeta mendian hasten da, eta kostalderaino iristen da. Altxerriko kobazuloak dira bertako lekurik ederrenetakoa. Auzoaren jatorria Laurgaineko leinu etxearekin lotuta dago. Laurgain jauregiak, errepidearen ondoan, dorretxea izan zela erakusten dute: bere saeterak, leiho konopialak, leiho bikoiztuak eta abar. Atzerago, bi eraikin daude: San Migel eliza (dorre barrokoa, eta multzoa osatzeko, Apaizetxea) eta Bizkar baserria (izen bereko muinoan). Laurgainen Pagoeta Parkeko lekurik esanguratsuenak daude.

320x162

Altzola auzoak Pagoetako Parkearen gainerako lur eremua hartzen du. Altzola leku bakarti eta bukolikoa da, eta oso berandu lortu zuen, Urdanetatik barrena, errepide probintzialekin lotura izatea. Horri esker, bere harresien artetik ezkutukoaren xarma berezia suma daiteke oraindik. San Romanen omenezko elizaz gain, bi eraikin nabarmentzen dira paisaia horretan: bata, Altzolako garai bateko komentua (gaur egun, Moja-Etxea); eta bestea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren behitegia (erdigunearen ondoan).

 

Altzolatik gertu Urdaneta auzoa daukagu. Bertan, San Martin Elizaren ondoan, zenbait etxe daude elkarren ondoan. Gaur egun, Zarautzetik barrena irits daiteke bertara, baina orain dela gutxi ez zuen errepiderik. Beraz, ordura arte ekonomia beren buruak hornitzeko jardueretan zegoen oinarrituta, ia erabat itxia, eta auzoak herri txiki-txiki bateko zerbitzuak eskaintzen zituen: eliza, apaiza, hilerria, pilotalekua, eskola, maisu-maistra, taberna, etab. Alameda markesak izan ziren auzo honen jabe.

320x162

Azkenik, Aiako erdigunetik urrutien eta Zarautz eta Getaria gaineko talaia modura, Elkano auzoa daukagu. Zarautz omen zen eta bertan eraiki omen zen Zarautzeko aurreneko eliza; San Pedro, hain zuzen ere. Badirudi nekazari auzo honek Aiako tradizio historiko luzeena duela, XI. mendeko dokumentu batzuetan aipatzen baita.